Dantza garaikideko bost emanaldiko zikloa izango da Lasarte-Orian. Programa martxoaren 6an hasiko da eta azaroaren 20ra arte luzatuko da Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan. Helburua da dantza sustatu eta garatzea, interes orokorreko diziplina bihurtzea.
Ekimena antzoki publikoen Sareak martxan jarri duen V. Dantza Zirkuituaren baitan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren sustapenarekin eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundien laguntzarekin.
Logela Multimedia & Circle of trust konpainia izango da Lasarte-Oria bisitatuko duen lehena. Martxoaren 6an 20.00etan Papiro…flexia emanaldia eskainiko dute. Breakdance eta multimedia elementuak batzen ditu.
Zikloko bigarren saioa Centro Coreográfico Galego Entremans taldearena izango da, maiatzaren 15ean 20.00etan. Concierto desconcierto lanean dantzariek musika exekutatzen dute mugimenduen bidez soinuaren espazioa irudikatuz.
Maiatzaren 29an Ertza konpainiak ere bere lana aurkeztuko du, Zoo pizti trajedunak, non zenbait pertsonek espazio txiki batean moldatu beharko dute.
Biarritzeko Ballet Juniorreko Dantzaz taldeak Lur sagar eskainiko du urriaren 23an 20.00etan. Hiru koreografia biltzen ditu lan honek.
Azkenik, azaroaren 20an 17.00etan Tondo redondo emanaldia ikusteko aukera izango da, Da.te danza taldearena. Lau urtera arteko haurrei zuzendutako saioa da.
Sarreren prezioa sei eurokoa izango da emanaldi bakoitzerako, eta bono ba tera bada bost saioetarako 18 euroko prezioan, Manuel Lekuona kultur etxean eskuratu daitekeena.