Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko hitzaldi batek itxi zituen azaroaren 25ean Gizarte Zerbitzuek Emakumeen Bortizkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna zela eta antolatutako ekitaldiak.
Teresa Mollák, Ontinyent-eko (Valentzia) Udaleko zinegotziak eta genero indarkeriaren kontrako lege aurreproiektuko parte-hartzaileak, emakume talde bat bildu zuen Zentro Zibikoan eta hitzaldian azaldu zuen zer den emakumeen kontrako indarkeria, nola antzematen den eta zeintzuk diren bere ziklo ezberdinak.
Beste urte batez, Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak zenbait ekintzarekin azpimarratu nahi izan du azaroaren 25a, herritarrak kontzientziatzeko eta horren inguruan pentsarazteko.
Teresa Molláren hitzaldiak amaiera puntua jarri zien azaroaren 21ean hasi ziren ekitaldiei. Egun horretan Zentro Zibikoko antzerki taldeak Retales de mujer antzezlana eskaini zuen Manuel Lekuona kultur etxean. Jarraian, afari herrikoia ospatu zen nahi zuten udalerriko emakume guztientzako.