Roberto Yaben Hernaniko gitarra bakarlariak kontzertua eskainiko du ostiral honetan Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian. Ekitaldia 20.00etatik 21.00etara izango da, doakoa, eta edonori irekia egongo da.
Kontzertua Lasarte-Oriako Gazteria eta Festetako sailak eta Xpression Kultur Elkarteak sinatu duten hitzarmenaren baitan kokatzen da, izan ere, horren bidez musika estilo askotariko talde eta bakarlariek bisitatuko dute udalerria.Lasarteoriatarrei aisialdirako aukera berri bat eskaintzetik dator hitzarmenaren ideia. Ostiral honetatik eta abendura arte, hamabost egunero izango dira zita musikalak.
Gainera, Udalak aprobetxatuko du kultur etxeko kafetegiko zerbitzua doan uzteko udalerriko irabazi asmorik gabeko taldeei, modu horretan beren gizarte xedeetarako irabazi bat lortzeko. Kafetegi zerbitzu horretako lehen arduradunak Lasarte-Usurbil Institutuko ikasleak izango dira, ikasturte amaierako bidaiarako irabazi bat lortzen laguntzeko.