Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak martxan jarri du dagoeneko VII. Tomás Fernández Argazki Rallya. Lehiaketa urriaren 23a eta 27a bitartean izango da eta horretan parte hartzeko izen-emate epea urriaren 21ean amaituko da.
Argazkilaritzan zaletua den eta argazki kamara digitala duen edonork parte hartu ahal izango du eta txapelketa Lasarte-Oria udalerriko eremuaren barne egingo da. Izen-ematea doakoa izango da eta interesa duten guztiek kultur etxean apuntatu beharko dute, Gazteen Informaziorako Bulegoan. Horretarako ordutegia 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etarakoa izango da, eta 943 376181 telefono zenbakian ere izango da izena emateko aukera.
Argazki rallyaren hasiera urriaren 23an izango da, 19.00etan kultur etxean bertan. Irudiak egiteko gai bakarra izango da eta lehiaketaren hasieran azalduko dute. Parte-hartzaileak bi mailatan banatuko dituzte: 16 urtera arte (A) eta 17 urtetik aurrera (B).
Argazkiak urriaren 27ko 19.00ak baino lehen aurkeztu beharko dira Etxarri establezimenduan. Parte-hartzaile bakoitzak memoria txartelean eraman beharko ditu aukeratzen dituen hiru argazki onenak. Hauek jpg formatuan egon beharko dute, konprimitze minimoarekin eta kalitate handienarekin, hiru megapixeletako gutxiengo batekin. Kalitate handiena eskatzen dute, izan ere, saritutako edo aukeratutako argazkiak paperean aterako baitituzte erakusketa baterako.
Sariei dagokionez, A mailako bildumarik onenak 100 euro jasoko ditu eta 70 euro argazki irabazlearentzat izango dira. B mailan, 300 euro eta trofeoa jasoko ditu bildumarik onenaren egileak eta 200 euro eta trofeoa gehien nabarmentzen den argazkiaren egileak. Epai-mahaiak sariak ez esleitzea erabaki dezake argazkiek kalitate nahikoa ez dutela iritziz gero.