Udalak antolatu duen zahartzaroaren omenezko bazkariak 900 pertsona bilduko ditu igandean, urriaren 5ean. Biyak-Bat erretiratuen elkartearekin elkarlan estuan eta Zero Sette, Alboka, Casa Extremadura, pastorala eta Gurutze Gorriaren laguntzarekin, ekintzaz beteriko programa prestatu dute udalerriko adinekoengan pentsatuz.
Jardunaldia San Pedro parrokian 10.30ean izango den eukaristiarekin hasiko da, Xabier Andonegik emango duen elizkizuna. Meza horretan Alboka abesbatzak eta Patxi Etxeberria bertsolariak parte hartuko dute. Gainera, Jon Lasaren eskolako trikitilariek goiza girotuko dute kaleetan zehar.
12.30ean jaialdia hasiko da Manuel Lekuona kultur etxean eta horretan parte hartuko dute Zero Sette Akordeoi Orkestrak eta erretiratuen elkarteko abesbatzak.
Bazkariari 14.00etan emango zaio hasiera Michelingo frontoian. Bertan omenduak izango dira otordurako izena eman duten bi pertsonarik helduenak, 93 urte dituen Maria Dolores Toribio eta 90 urteko Villajos Gómez.
Gizarte Zerbitzuetko lehendakaria den Lurdes Acevedok azaldu duen moduan, “sentimendu berezia izan behar dugu gure adinekoekin, gure ardatza dira eta asko zor diegu, eta beren azken etapan babestuta egon behar dute eta maitasuna sentitu behar dute”.
Mertxe Galdos erretiratuen elkarteko lehendakariaren hitzetan, “garrantzitsua da jakitea zer nolako ilusioa duten adineko pertsonek beren omenezko egun honetan”.