Musika da lasarteoriatar askok beren aisialdi gisa aukeratzen duten bidea, eta hori jakinda, Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak erraztasunak jartzeko apustua egin nahi du entseguetarako lokala ez duten gazteengan pentsatuz.
Udalak doan utziko du Parapeto izeneko gunea, Oztaran auzoan dagoena, nahi duten talde guztiek erabili ahal izateko. Horren truke, lokala errespetatu beharko dute, garbia mantendu eta entseguetarako txandak errespetatu beharko dituzte.
Informazio gehiago jaso nahi dutenek edo, besterik gabe, gunea erabiltzeko izena eman, Manuel Lekuona kultur etxean dagoen Gazteen Informaziorako Bulegora jo beharko dute. Udaleko Erregistroan instantzia bat betetzeko aukera ere badago entseguetarako lokala eskatuz.
Gazteria eta Festetako saileko lehendakaria den Jesús María Zaballosek azaldu duenez, “talentu gazteen aldeko apustua egiten dugu eta musika lantzen jarraitu dezaten sustatu nahi dugu, bai entseguetarako lokal baten bidez edo baita antolatzen jarraituko dugun maketa lehiaketaren bidez”.