Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak, Kalexka enpresarekin batera, udalerriko gazteriaren inguruko ikerketa jarri du martxan. Helburu nagusia da informazioa jasotzea etorkizuneko gaztelekuaren proiektua aurrera eramateko. Azterketa urriaren 15era arte luzatuko da eta 14 eta 30 urte arteko lasarteoriatarren datuak bilduko ditu.
Ikerketa aurrera eramango duen saileko lehendakaria den Jesús María Zaballosek azaldu duen moduan, “helburua gazteen egungo egoera ezagutzea da, beren gizarte perfila, dituzten eskaerak edo beren konpromiso maila jarduera eta proiektu ezberdinekin”. “Azken finean –gaineratu zuen-, udalerrian gazteleku bat sortzeko proiektuaren inguruan duten iritzia jaso nahi dugu”.
Azterketak bi bloke izango ditu. Alde batetik, lasarteoriatarrek ondorengo gai hauen inguruan dituzten beharrak eta eskaerak ezagutzeko balioko du: aisia, ikastaroak, entseguak egiteko gelak, informazioa, etab. Hori guztia gaztelekuaren inguruan zein ideia duten jakitera zuzenduta egongo da eta modu horretan guztien gustuko espazio bat egin ahal izango da.
Bestalde, ikerketa soziologikoa egingo da 14 eta 30 urte arteko gazteen artean gai hauen inguruan: osasuna, sexualitatea, drogak, hezkuntza, ikasketak uztea, inmigrazioa, etxebizitza, emantzipatzea, kirola, aisia, etab. Azken finean, egunerokotasunean dituzten arazoak ezagutzea, izan ere, gaztelekuaren helburua ez da aisia gestionatzea bakarrik izango, baizik eta baita arazoak konpontzeko laguntzea ere.
Metodologiari dagokionez, arduradunek elkarrizketak egingo dizkiete Udaleko sail ezberdinetako teknikariei, kirol eta kultur ekipamenduetan, baliabide soziokulturaletan (ludoteka, Ttakun, etab.), eskoletan, lan mundurako sarrerarako zentroetan eta osasun zentroan.
Ondoren kaleko lana egingo dute gazteak non biltzen diren ikusiz, zer egiten duten, gazteen lokalak non dauden, etab. Gainera, 120 elkarrizketa egingo dituzte adin tarte ezberdinetan (14-18 / 19-22 / 23-26 / 27-30).
“Lerro hauen bidez hiritarrei eskatu nahi diet ikerketa egiten laguntzeko kalean beren laguntza eskatzen bazaie, eta modu horretan denon artean landuko dugu proiektua”, gaineratu zuen Zaballosek.