Ken Zazpi musika taldea (29an 23.00etan) izango da ekainaren 28an hasiko diren San Pedro jaietako ikuskizun nagusienetako bat. Uztailaren 1era arte luzatuko den programa joan den ostegunean aurkeztu zuten.
Egitarauak berrikuntzak izango ditu, noski, baina udalerriko festen erroa mantentzen saiatuko da. Herri-kirolen ekitaldia (29an 12.00etan), adibidez, mantendu egingo da, baina parte hartuko dutenak emakumeak izango dira aurten.
Aurtengo berrikuntza nagusienetako bat egitaraua egiterakoan aukeratu den parte-hartze eredua izan da. Lasarte-Oriako taldeei beren ekintzak antolatzeko diru laguntza emateaz gain, udalerriko atari guztietan jarri ziren oharren bidez hiritarrei gonbitea luzatu zitzaien beren proposamenak egiteko.
Azpimarratzekoa da San Pedro egunean Jose Solanori egingo zaion omenaldia (29an 12.15ean), pilotaren alde Intza elkartetik egin duen lanarengatik.
Gainera, txupinazoaren aurretik (28an 12.00etan), 10.00etatik 12.00etara Okendo plazan, aurpegia margotzeko eta mozorrotzeko tailerrak izango dira festan bete-betean murgiltzeko. Gazteria eta Festetako sailak traje berriak erosi ditu haurren danborradarako (30ean 18.00etan), 138 haur izango dituena, eta helduen danborradan (28an 23.00etan) emakumeek ere joko dute.
Aurtengo festetarako aurrekontua 136.000 euro ingurukoa da, 2007an baino %15 gehiago. Aipatzekoa da Udalak ferietako arduradunekin lortu duen akordioa. Udalak joan den urteko okupazio tasa bera mantenduko du, igoerarik gabe, eta horren truke ferietako arduradunek iazko prezioak mantenduko dituzte.