Lasarte-Oriak bere airearen kalitatea aztertu eta zehaztuko du jarraipen bat eginez. Udala eskualde mailan egiten den airearen kalitatearen lehen ikerketan parte hartzen ari da Andoain, Astigarraga eta Hernaniko Udalekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailarekin eta EHUko Kimika Fakultatearekin batera. Aurrerapauso kualitatibo bat suposatzen du azterketa hauei dagokienez, izan ere, udalerri batzuek beste batzuengan duten eragina ikusteko aukera eskainiko baitu.
Udalaren helburua da, behin emaitzak ikusita, beharrezkoak diren neurriak hartzea airearen egoera hobetzeko eta, horren ondorioz, lasarteoriatarren bizi kalitatea.
Klimatologiaren egokitasunagatik jarraipena joan den urteko ekainetik egiten ari badira ere, parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek asteazkenean sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena Kimika Fakultatean. Akordioak ikerketa luzatzeko aukera ere jasotzen du.
EHUko Ingeniaritza Kimikoko saila da azterketa aurrera eramaten ari dena, Eusko Jaurlaritzak utzitako ekipoekin. Neurketarako sistema ezberdinak erabiltzen ari dira, horien artean, 24 orduro aztertzen duen bolumen handiko kaptadore bat eta orduko laginak jasotzen dituen etengabeko sistema.
Horrez gain, urtebetez egongo den kontrolerako kabina bat jarri zuten Lasarte-Oria eta Andoain artean, Bruneteko zonaldean, Antxisu bailaran. Urtaroen arteko aldaketak ikusteko aukera emango du honek.
Lehenengo laginketak eginda daude dagoeneko eta urtea amaitzean, kontrolerako kabinaren informazioarekin, azterketa osatua egingo da.
Aipatutako sistemen bidez jasotako parametroei, ikertzaileek datu meteorologikoak gehituko dizkiete (hezetasuna, haizearen abiadura eta norabidea, eta abar), eta honek eskualdeko airearen kalitatea zehaztea ahalbidetuko du.