Klimaren Aldaketa, Energiaren Aurrezpena eta Efizientzia, eta Energia Berriztagarrien Sustapena dira 2008ko Aste Berdearen gai nagusia. Lasarte-Oriako Udalaren Ingurumeneko Departamentuan antolatu du aste hori, datorren ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Munduko Egunaren kariaz. Jardueraz betetako programazio baten bitartez, herritarrak klimaren aldaketaz eta energia berriztagarriez informatzea, kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da Ricardo Ortega (EB) buru duen departamentuaren asmoa.
Aste Berdea 2008 maiatzaren 29an abiatuko da, eta eguzki-etxola fotovoltaiko bat instalatuko da egun horretan. Etxola horrek bertatik bertara erakutsiko die herritar guztiei nola funtzionatzen duen eguzki-energiak, lau eguzki-plakaren bitartez. Instalazio didaktiko hori Brigitarren Plazan kokatuko da hilabetez. Etxola horren sortzaileek, Bikote Solar SL enpresakoek, maiatzaren 29an bertan energia berriztagarrien gaineko hitzaldi bat eskainiko dute Villa Mirentxu etxeko ekitaldietarako aretoan, eta eduki hauek izango ditu: energiaren munduko egoera, energiaren iturri konbentzionalak eta erabilerak, ingurumenerako ondorio globalak eta lokalak, energia-iturri berriztagarriak (heliotermikoa, fotovoltaikoa, eolikoa, biomasazkoa, hidraulikoa, geotermikoa, olatuena eta itsasaldiena) eta Euskadiko energiaren egoera eta etorkizunerako itxarokizunak.
“Erabil dezagun energia arduraz. Galga dezakezu klimaren aldaketa” da kanpainaren goiburua. Ekainaren 4an azoka inguruan, energia aurrezteko gomendioak dakartzan 1.500 eskuorri eta kontsumo apaleko 750 bonbilla banatuko dira. Era berean, edizio honetako gai nagusiei buruzko informazio didaktikoa eta atsegina dakarren komiki baten 1.500 ale editatu dira, eskola-umeei zuzenduak.
Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzeko, Aste Berdean klimaren aldaketari buruzko hitzaldi bat emango du Euskadiko Zentro Meteorologiko zuzendaria den Margarita Martinek datorren ekainaren 5ean, 19:00etan, Manuel Lekuona Kulturetxean.
Ingurumenari buruzko hezkuntza, Agenda 21 Lokalean jasotzen den moduan, Ingurumeneko Departamentuaren lehentasunetako bat da. Eskola-umeentzako komiki bat editatzeaz gain, ekainaren 5ean txotxongiloko antzezlan bat eskainiko zaie Landaberri ikastolako eta Sasoeta ikastetxeko lehen hezkuntzako lehen zikloko ikasleei. Antzezlanak “Hura natura! Airea, lurra eta ura” du izenburua, eta bizitzaren garapenean urak, hondakinen birziklapenak eta airearen kalitateak duten garrantziaz jardungo du.