Lasarte-Oriako Udalak pausuak ematen jarraitzen du Loidi-Barren eta Sasoeta eremuak hobetzeko eta, horrekin, hirigunea aberastu. Udalerriaren etorkizuneko garapenerako ezinbesteko zonaldea da eta aurrera eramaten ari den berrurbanizatzeko planaren bidez hiritarren bizi-kalitatea hobetu nahi da.
Lau urtetako lanaren ondorio izango da Loidi-Barren eremuaren eraberritzea (2006-2009) eta momentu honetan kiroldegiaren eta anbulatorio berriaren inguruan biltzen dira lan nagusiak, Beko Errota eta Beko Kale inguruan.
Beko Errotako kolektorearen desbideratzea egiten ari dira momentu honetan. Lan hauek apirilaren 1ean hasi ziren eta maiatzaren 5era arte luzatzea espero da. Bitarte horretan kalea itxita egongo da.
Horrez gain, astelehenean hasi ziren lanak etxebizitza berrien alboko kalean, Beko Kale eta Beko Errota artean. Etxebizitzen ondoko espaloian jardungo dira horiei zerbitzua emateko. Momentuz pasa daiteke kale horretatik, bide erdia besterik ez baita moztu. Beko Errotako kolektoreko lanak amaituta eta kale hori irekita, bigarren hau guztiz itxi egingo da lanak amaitzeko. Ekainaren 16rako amaitzea aurreikusten da.
Beko Kaleri dagokionez (kiroldegiko behin-behineko aparkalekuaren ondoko zonaldea), lanak aste honetan edo hurrengoan amaituko dira. Kalea ixtea beharrezkoa izango da egun hauetako batean asfaltatzeko. Maiatzaren 5etik eta ekainaren erdialdera arte lan gehiago izango dira kale honetan, baina haurreskola eta etxebizitza berrien inguruko aldean.
Azkenik, ekaina amaieran Kalbario bidea asfaltatuko da.
Lerro hauek aprobetxatuz, Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei azaldutako lan guztiek eragin ditzaketen eragozpenengatik.