Ana Urchueguia Lasarte-Oriako Udaleko alkateak astelehenean aurkeztu zuen Ogasun batzordean 2008rako gobernu taldeak prestatu duen aurrekontua. Proiektua, aurten 41.295.000 eurokoa dena, azterketa eta alegazio aurkezte epean dago orain oposizioaren aldetik.
Udalak inoiz gestionatu duen kopururik altuena da, 2007koa baino %43,13 handiagoa. Egitekoak diren plan eta proiektuak lehentasun eskema bati jarraituz egingo dira, hiru ardatz estrategiko izango dituena: politika kulturala, politika soziala eta zerbitzu komunitarioen politika.
Aurkeztutako aurrekontu proiektuak 19.500.000 euroko inbertsioak aurreikusten ditu. Sail horretan sartzen diren ekintzen artean azpimarragarria da Loidi-Barren urbanizazioarekin jarraitzeko (2006-2009) egingo den inbertsioa, 3 milioi eurokoa. Oriako pabilioien atzeko aldearen eraberritzea izango da beste inbertsio nagusienetako bat (2,6 milioi euro). Beste 2,5 milioi euro kirol eraikuntzetan inbertituko dira, batez ere udal kiroldegiko fatxada eta teilatua konpontzeko.
Gobernu taldeak aurkeztu duen aurrekontu proiektuak 1,7 milioi euro bideratzen ditu udaletxe berriarentzako, 2008 eta 2011 artean aurrera eramatea aurreikusten dena. Beste ekintza garrantzitsu bat zaharren egoitzaren birgaitzea izango da (1,6 milioi euro).
Aipatutakoez gain, aurrekontuak inbertsio hauek jasotzen ditu: Michelingo atzealdean ibai ondoko ibilbidea egitea eta ibaiaren bideratzea berritzea (314.000 euro), zabor bilketaren lurperatzea (772.500) edo berrikuntzak ikastetxeetan (338.000).