Etxeko olioaren birziklapenak beste bultzada bat jaso du, herrian instalatu diren 9 kontainer bereziei esker, herritarrek edukiontzi horietara bota ahalko baitute sukaldeko olio erabilia. Kontainer berezi bana jarri da 2.000 bizilaguneko, honako puntu hauetan: Atsobakarko biribilgunean, Antxota Kalean, Buruntza Kalean, Geltoki Kalean (Kulturetxearen parean), Hipodromo Etorbidean, Kale Nagusian (Jubilatuen Elkartean), Loidi Kaleko 16-17 zenbakietan, Oztarango biribilgunean eta Basaundi Bailara 7.ean.
Landare-olio erabilia erabat itxitako botila plastikozkoetan bakarrik utzi ahalko da. Laranja-koloreko kontainer berri hori jartzeak ez du esan nahi olioa jasotzen duen furgoneta kenduko denik, zerbitzua orain arte bezala egiten jarraituko baitu, hau da, asteazkenero asteko azokan, bost aste dituzten hilabeteetako azkenaurreko asteazkenean izan ezik.
Lasarte-Oriako Udaletik, garapen iraunkorraren aldeko apustua mantentzera eta indartzera animatzen ditugu herritarrak, hondakinak gaika bereiziz eta ahalik eta hondakin gutxien sortuz.