Lasarte-Oriak udal Gaztelekua izango du aurten. Proiektu hau, Loidi-Barreneko frontoia eta padelaren bigarren fasearekin batera, Tokiko Enplegu eta Egonkortasunerako Estatuko Funtsarekin Lasarte-Oriako Udalak aurrera eramango dituen bi ekipamenduak dira.
Gaztelekuak, udalerriko gazteen hezkuntza eta aisialdi zerbitzuak bilduko dituena, 800 metro karratu inguru izango ditu. Adarra eta Jaizkibel plazen artean kokatuta egongo da eta diseinu modernoa izango du, kristalezkoa, ikus-inpaktua txikiagoa izateko.
Beheko solairuak egongela, Gazteen Informazioarako Udal Bulegoa, KZgunea eta elkarteentzako hotela izango ditu. Aipatutako azken espazio honek udalerriko elkarteentzako postontziak izango ditu, nahi izanez gero gutunak bertan jaso ditzaten, eta, horrez gain, talde horiek erabiltzeko bi gela.
Soto solairuan atondo nagusia izango da egongelarekin, tailerrentzako bi gela eta psikomotrizitate espazio bat, dantza jarduerak egiteko, adibidez. Gainera, udalerriko musika taldeen entseguetarako bi gela izango dira, parapetotik lekualdatzea ahalbidetuko diena. Solairu honek 125 metro karratuko auditorioa izango du baita ere, 120 pertsonentzako edukierarekin.
Gaztelekuaren eraikina egiteko aurrekontua 1,24 milioi eurokoa da. Momentu honetan obra lehiaketa publikora ateratzeko pleguak egiten ari dira eta behin esleituta, exekuzio epea sei hilabetekoa izango da.
Loidi-Barreneko frontoia eta padelaren bigarren faseari dagokionez, padel zonaldearen ekipamendua jarriko da eta rokodromoa, frontisa eta instalazio elektrikoa egingo dira. 2009an Tokian Tokiko Estatuko Funtsarekin hasi zen proiektuaren bigarren zatia eta azkena da. Fase honetako aurrekontua 674.576 eurokoa da eta exekuzio epea hiru hilabetekoa.