Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2011/01/25
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa

?

Parte-hartze handia Plazaolako Landa-Parkea proiektua zehazteko lehen saioan 

Plazaola landa-parkea izango denaren diseinuan herritarrek parte hartzeko prozesua joan den martxoaren 11n abiatu zen, Kulturetxean egindako bilerarekin, zeinetara Lasarte-Oriako berrogeita hamar herritar baino gehiago agertu baitziren. Lehen saio horretatik, herritarrek egindako hainbat ekarpen eta iradokizun atera dira, eta irakurtzeko moduan daude Parte hartzen loturaren bitartez, Udalaren webgunean.
 
Herritar guztientzat zabalik dagoen foro honetan, Plazaolaren zonan interes pribatuak zituzten zenbait pertsonak, beren hizketaren ardatz nagusi moduan, ukatu egin zuten parkeak hartuko duen hedadura guztia jadanik munizipala denik, eta agerian utzi zuten beren ezinegona, desjabetzera iristea gerta litekeela eta. Jesús M. Zaballos alkatearen aurrean, zeinek bildutako guztiei ongietorria egin baitzien prozesu honetara, kritikatu egin zuten Udalaren lana, lur-sailak bitartekarien bidez erosten saiatu delako, eta salatu zuten lur horiek “balioa galduz joan direla”. Gobernuko ekipoak Plazaolako trenbidearen paralelo dagoen ibarrean landa-parke bat sortzeko duen asmoa etengabe kritikatzearen dinamika horrek oztopatu egin zuen herritar askoren ekarpenen arintasuna; izan ere, haietako batzuek nahiago izan zuten beren ideiak eta iradokizunak ez esan, urte askoan lur-sail horien parte handi baten erabilera pribatiboa egin dutenen interesen kaltetan ez joatearren.
 
Bestalde, zenbaitek mesfidantza agertu dute, zona horretarako jadanik onarturiko proiektu bat badagoelako uste okerrarekin konbentziturik, baita alkateari horrela jakinarazi ere parte hartzeko lehen saioan, eta horiek izan dira prozesu honetako lehenbiziko ilun-argiak, “aukera bakarra baita denon artean landa-parkearen proiektu bat lantzeko, muga legalak eta teknikoak oso definituak dituena, eta muga horiek, batik bat, berdegune handi hori iritsi-errazago egiteko balioko dute, herritarrek erabili eta gozatu ahal izateko”, argitu du Zaballosek.
 
Lanerako hizkuntzaren arabera sorturiko bi lan-taldeek beren iradokizunak proposatutakoan, denen arteko bilkura batean azaldu ziren. Guztiei proposamenak jakinarazteko balio izan zuen, bai eta Plazaola landa-parkearen proiektu honek planteatzen dituen premiak, aukerak eta zailtasunak integratzen saiatzeko ere. Ekarpenen artean aipatu ziren, besteak beste, bidegorri bat egin ahal izatea, atseden-eremu komundun bat egitea, zuhaitz autoktono gehiago landatzea, natura errespetatzea eta horren zabalkundea egitea, oroimen historikoa sustatzea, Lasarte-Oria nolakoa zen eta trena Plazaolako burdinbidean nola pasatzen zen gogoratuz...
 
Parte hartzeko hurrengo saila martxoaren 25ean izango da, eta Udaleko Hirigintza Departamentuko hainbat arduradunek eta teknikarik hartuko dute parte, oraindik definitzeke dagoen proiektuaren egungo egoeraz informatzeko, haren arau subsidiarioak bakarrik onartu baitira oraingoz. Bilera horrek balioko du, gainera, jakiteko ea lehen saioan egindako ekarpenak bideratzeko modukoak diren ala ez ikuspuntu teknikotik, bai halaber prozesu hau martxan jartzeak herritarren artean sortu dituen zalantza guztiei erantzuna emateko, baita arduradun politikoen aldetik ere.


| Kale Nagusia, 22 - 20160. Telefonoa: 943 376055, Faxa: 943 372659 | © 2007 Lasarte-Oriako Udala · Ayuntamiento de Lasarte-Oria