Garapen jasangarrirako hezkuntza baten alde, Lasarte-Oriako Udalak, Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri Garaikoetxea ikastetxeek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiak Eskola Agenda 21 betetzeko konpromiso-akta sinatu dute. Ikasleak euren ikastetxearen eta udalerriaren ingurumen-kalitatean eragina duten arazoetan parte hartzen, erabakiak hartzen eta inplikatzen ohitzea helburu duen programa da.
Deklarazio hau sinatuta onartzen da Euskadiko gazteek eta haurrek euren hiriari eta garapen jasangarriari buruzko gauzak esateko eta ekarpenak egiteko dituztela, eta horretarako bultzatzen da Eskola Agenda 21.
Askotarikoak dira akta izenpetzen duten agente ezberdinek hartzen dituzten konpromisoak. Ikastetxeen aldetik, Eskola Agenda 21 programaren proiektua lantzeko eta, curriculum- eta hezkuntza-proiektuetan barne hartuta abiarazteko konpromisoa hartzen dute. Ingurumen-batzordeak eratuko dituzte eta garapen-prozesua bultzatu eta lortutako emaitzak ebaluatuko dituzte.
Lasarte-Oriako Udalari dagokionez, Tokiko Agenda 21 programaren zatitzat hartuko dute Eskola Agenda 21. Eskolako partaidetza-foro bat ezarri eta sustatuko du, hiri-ingurumena aztertzeko eta ikastetxeen proposamenak jasotzeko. Gainera, kanpoko aholkularitza baten edo laguntza-enpresa baten bitartez proposamenei erantzun eta ikastetxeei lagunduko diete.
Aurretik aipatutako guztian laguntzeko, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren konpromiso eta laguntza izango da, aholkularitza didaktikoa ziurtatuko duena IIHIIen bidez (Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiak), parte hartzen duten irakasleen prestakuntzaren bidez eta ikasmaterialen eskaintzaren bitartez. Diru-laguntzak ere eskainiko ditu ikastetxeentzako urteroko deialdien bitartez eta Udalarekin sinatu beharreko hitzarmenen bidez.
Azkenik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bermatuko du Garapen Jasangarrirako Hezkuntza lehentasunezko programatzat tratatzea. Horretarako, irakasleen laneko esparrua eta ordutegia Eskola Agenda 21 programaren koordinazio- eta berrikuntza-eskakizunetara egokitzeko bidea emango du.