Illarraltzueta udal hilerriko kolunbario berriaren erabilera arautuko duen ordenantza indarrean da dagoeneko eta berau erabiltzeko interesa duten pertsonek eskaera egin dezakete. Guztira 96 horma-hilobi ditu errautsentzako.
Ana Urchueguía alkateak azaldu duen moduan, “gure helburua da hiritarrei zerbitzu oso bat eskaintzea denborarekin sortzen doazen beharrei egokituz, izan ere, azken urteotan ehorzketa kopurua jaitsi egin da”.
Printzipioz, udalerrian bizi zirenen errautsak bakarrik onartuko dira, hiltzeko unean Lasarte-Orian erroldatuta zeudenak. Dena den, nahikoa toki libre izanez gero, udalerrian jaioak izanda, hiltzeko unean bertan bizi ez direnen errautsak ere gorde ahalko dira. Gainera, Lasarte-Orian erroldatuta ageri diren pertsonen kasuan, baldin eta haien lehen mailako senitartekoak (gurasoak, seme-alabak) udalerriko hilerrian hilobiratuta badaude, gorpua hilobitik ateratzeko unean gorde ahal izango dituzte errautsak kolunbarioan.
Kolunbarioa erabiltzeko interesa duten pertsonek eskaera aurkeztu beharko dute Erregistro Orokorrean, Udalak emango dien inprimakian. Horrekin batera DNIaren fotokopia, erraustu izana egiaztatzen duen dokumentua eta, aurretik lurperatu gabeko hilotzen errautsak badira, heriotzaren Erregistro Zibileko inskripzioa.
Unitate bakoitza erabiltzeko epea hamar urtekoa izango da eta tasa 330 eurokoa. Epe hori luzatu ahalko da behin bakarrik eta beste hamar urtez, beti ere, aurretik ehortzita izan ez diren gorpu edo gorpuzkien kasuan.