Minusbaliotasun bat duten pertsonentzako aisialdirako Jalgune taldeak egoitza berria du dagoeneko Loidi-Barreneko osasun zentroaren eraikinean. Inaugurazio hunkigarria abenduaren 22an izan zen eta taldekide guztiak bildu zituen bertan senideekin eta begiraleekin batera.
Espazio zabalagoa eta taldearen beharretara egokituagoa da. Udalerrian garrantzi handia duen taldea da, izan ere, minusbaliotasun bat duten pertsonen arteko harremanak bultzatzen ditu eta beren integrazioan lan egiteko espazioak sortzen ditu. Egoitza berria da Lasarte-Oriako Udalak Jalgunek egiten duen lan guztiari egin nahi dion ekarpena.
Inaugurazioa bideo baten proiekzioarekin hasi zen, Minusbaliotasun bat duten Pertsonen Nazioarteko Eguna zela eta azaroaren 28an egindako jaialdiaren irudiekin. Ana Urchueguía alkateak oroigarri pertsonal moduan bideoa oparitu zion gero Jalguneko taldekide bakoitzari.
Ez zen opari bakarra izan. Marga, taldekideetako batek, Pili Bermejo Jalguneko arduradunari sorpresa eman zion berak egindako koadro batekin , taldeko logotipoarekin. Horrez gain, Udaleko ekarpena eskertzeko, gurasoek plaka bat eman zioten Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako lehendakariari.