Lasarte-Oriako Udalak eta Atzegik lankidetza hitzarmen bat sinatu dute eta horren bidez Jon Roncero urtebete izango da udal zerbitzuetan laguntzen. Down Sindromea duen gazte lasarteoriatar bat da eta helburua da gizartea mentalizatzea adimen urritasuna duten pertsonek izan ditzaketen balore eta ahalmenei buruz. Aldi berean, aukerak errazten zaizkie beren inguruan modu aktiboan parte hartzeko.
Esperientzia berria da, balore handikoa gizartearen kontzientziazioan, izan ere, herritar asko izango dira bere ahalmenak eta trebetasunak ikusteko aukera izango dutenak. Udalak espero du eredu gisa ere balio izatea beste instituzio eta enpresa batzuek antzeko esperientziei ateak irekitzeko.
Dedikazioa lau ordutakoa izango da. 9.00etatik 11.00etara udal kiroldegian lagunduko du lan administratiboekin eta monitoreekin. 11.00etatik 13.00etara kultur etxean izango da liburutegian laguntzen eta lan administratiboak egiten. Udalak Kulturako eta Kiroletako sailak aukeratu ditu herritarrekin harreman gehien izango duen sailak direlako.
Jon Roncerok bere ikasketak amaitu berri ditu, 1989ko kanpainan Atzegik emandako mezua erraztuz, Ezagutzea maitatzea da. Hain zuzen ere, Jon Roncero izan zen kanpaina hartako protagonista.
Esperientziak urtebeteko iraupena izango du azaroaren 9tik aurrera. Aipatu, Udalak ekimen hau zabaldu nahi duela eta Atzegirekin lanean ari da beste bi akordio sinatzeko bi pertsona laguntzaile bezala sartzeko Zentro Zibikoan eta Udaletxean.