"Garapen mota horri esker, gaur egungo belaunaldien premiak asetzen dira, etorkizuneko belaunaldien premiak asetzeko gaitasunari inolako kalterik egin gabe"
(NBEko Brundtland txostena)
Garapen mota hori ikaragarrizko aldaketa da gaur egun nagusi diren garapen ereduen aldean, gaur egungoak ez baitira batere solidarioak. Izan ere, herrialde garatuek gero eta baliabide, lehengai eta energia gehiago kontsumitzen dute, eskuarki herrialde behartsuenen kontura, eta, hala, areagotu egiten dira herrialdeen arteko aldeak.
Nazioartean, kontzeptuak, bere horretan, ikaragarrizko onarpena izan du. Baina, ezbairik gabe, 1992an onartu zen, Rio de Janeiron (Brasil) egindako Nazio Batuen Ingurumenerako eta Garapenerako Batzarrean, kontzeptu hori funtsezko elementua zela planetako ingurumenaren etorkizuna definitzeko. Goi-bilera hartan, 179 estatuk gaur egungo ingurumen-estrategiak abian jartzeko garrantzi handiko zenbait dokumentu onartu zituzten (Agenda 21, aldaketa klimatikoari buruzko hitzarmena…).
Rioko deklarazioak oinarri tridimentsionala eman zion garapen iraunkorrari. Garapen eredu berri horrek kontuan hartuko ditu ekonomia, gizartea eta ingurumena. Horiek izango dira sustatu beharreko garapen ereduaren oinarriak, eta erabat integratuta egongo dira; hau da, jada ez da egingo ingurumenerako ondorioak kontuan hartzen ez dituen politika ekonomikorik, eta, halaber, ez da planteatuko garapen ekonomikoa eta gizartearen ongizatea bermatuko ez duen ingurumen-programarik.
Iraunkortasuna lortzeko prozesu horretan, garrantzizkoak dira konpromiso instituzionala eta adostasun soziala.
| 1968 | Erroman, 30 herrialdetako 35 pertsona ospetsuk (akademiko, zientzialari ikertzaile eta politikariak), gizarteari eragiten dioten ingurumeneko aldaketengatik kezkatuta, "Erromako Kluba" fundatu zuten. |
| 1972 | Stockholmeko Konferentzia. Ingurumenaren arazo globalarekiko ardura munduko konferentzia horretan adierazi zen lehen aldiz. |
| 1972 | Erromako Klubaren 1972ko txosten batek hau ondorioztatu zuen: "Baldin eta munduko biztanleriaren hazkunderako joerak, industrializazioak, kutsadurak, elikagaien produkzioak eta baliabideen ahitzeak bere horretan jarraitzen badute, datozen ehun urteetan planetako hazkundearen mugetara helduko gara. Eta, horren ondorioz, seguruenik, biztanleria eta gaitasun industriala bat-batean eta kontrolik gabe murriztuko dira". |
| 1987 | Ingurumenari eta Garapenari buruzko Munduko Batzordeak "Gure etorkizun komuna" edo "Brundtland txostena" argitaratu zuen. Formalizatu egin zen Garapen Iraunkorraren kontzeptua. |
| 1992 | "Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzia" Rio de Janeiron. - Iraunkortasuna eta Garapen Iraunkorra hitzen erabilera orokortu egin zen. - Agenda edo Programa 21 delakoa hasten da zabaltzen: Lurraren Gailurreko (Rio de Janeiro) edukiak praktikara eraman nahi dituen tresna. Agenda 21ek aztertzen dituen arazo askok zerikusi handia dute udalen kudeaketarekin; horregatik, ONUk dio: "Udaletako autoritateen parte hartzea eta kooperazioa ezinbesteko faktoreak dira Programa (21) lortzeko". |
| 1992 | EBko Ingurumenaren Arloko V. Ekintza Programa: "Garapen Iraunkorra lortzeko bidean", EBko politika ekonomiko eta sozialak integratzeko helburuarekin. |
| 1994 | "Europako Hiri Iraunkorren Lehen Konferentzia", 1994ko maiatzean, Aalborg hirian. Data hartaz geroztik, hiri eta herri askok sinatu dute "Aalborgeko Gutuna". |
| 1996 | "Europako Hiri Iraunkorren 2. Konferentzia", Lisboan. "Gutunetik Ekintzara" argitaratu zen, Agenda 21 Lokaleko prozesuak planifikatzeko gida praktikoa. |
| 2000 | Europako Hiri Iraunkorren Hirugarren Konferentzia. Hannoverko deia. |
| 2001 | EBko Ingurumenaren Arloko VI. Ekintza Programa: "Geroa geure eskuetan" 2001-2010. |
| 2001 | Garapen Iraunkorrerako Europako Batasunaren Estrategia: "Mundu hobea lortzeko garapen iraunkorra Europan". |
| 2002 | Munduko Konferentzia Rio+10. Lurraren II. Gailurra. Johannesburg (Hegoafrika). |
| 2002 | Garapen Iraunkorraren EAEko Ingurumen Estrategia (2002-2020). |
| 2004 | Europako Hiri Iraunkorren Laugarren Konferentzia, Aalborg+10; Herri eta Hiri Iraunkorren Europako Kanpainaren hamar urteak markatzen dituena. |
Iraunkortasunaren indikadoreak neurri-unitate espezifikoak dituzten parametroak dira. Horiei esker, uneoro jakin ahalko dugu udalerriaren egoera soziala, ekonomikoa eta ingurumenezkoa. Tresna horrek iraunkortasun lokalaren maila ebaluatzen du.
Askotan, indikadore bakoitza neurri bat baino gehiagok osatzen dute. Jarraian, Iraunkortasunaren indikadoreen adibide batzuk azaltzen dira (IHOBEk markatutako ohikoak). Izan ere, udalerri bakoitzak aukeratu beharko ditu bere ekintza-planerako egokienak iruditzen zaizkionak.
Lurraldea eta Plangintza
Eremu publiko irekien eta zerbitzuen baliagaitasuna udalerrian. Indikadore horrek eremu publiko irekietatik eta oinarrizko zerbitzuetatik 300 metrora edo gutxiagora bizi diren herritarren ehunekoa ebaluatzen du.
Lurzoruaren erabilera iraunkorra. Indikadore horrek lurzoruaren erabileran iraunkortasun mailari buruzko ikuspegi integratua eskaintzen duten zenbait alderdi biltzen ditu. Honelako faktoreak baliatzen dira: lurzoru artifizializatua, lurzoru abandonatuak eta potentzialki kutsatuak, etab.
Mobilitatea eta Garraioa
Mobilitate lokala eta bidaiarien garraioa. Bizilagun bakoitzeko desplazamenduen kopurua, batez besteko distantzia eta iraupena, desplazamenduaren motiboa eta erregulartasuna eta erabilitako garraiobidea analizatzen ditu.
Udalerrian garraioko azpiegituretara dedikatutako eremuaren distribuzioa. Indikadore horrek udalerrian garraiobideen azpiegituretara dedikatutako eremuaren distribuzioa (%) ebaluatzen du, zein garraio-motatara dedikatzen diren arabera.
Naturako baliakizunak
Uraren kontsumoa. Hauek aztertzen ditu: biztanle bakoitzak egun bakoitzean etxean kontsumitzen duen ura, udalerrian dagoen ur-eskari guztia, udalerrian dagoen ur-eskari osoaren banaketa sektoriala eta distribuzio-sareko ur-galerak.
Energiaren kontsumoa. Indikadore honek energiaren (elektrizitatearen eta gas naturalaren) kontsumoa aztertzen du, etxea, udalerria eta sektore bakoitza aintzat hartuz.
Hondakinak
Hondakinen sorrera eta kudeaketa. Biztanle bakoitzak egun bakoitzean sortzen dituen hondakinen bolumena eta hondakin arriskutsuen sorrera aztertzen ditu, bai eta hondakin bakoitzerako kudeaketa-mota ere.
Uretara eginiko isurketak. Uren kalitatea aztertzen du, ibaien kalitatearen ikuspegitik eta hondakinezko urak saneatzeko sistemak dituzten etxebizitzen ehunekoaren ikuspegitik.
Ingurumenak udalerriko jardueretan duen integrazioa
Indikadore horrek ingurumena kudeatzeko sistemen inplementazio-maila aztertzen du (ISO, 14001, EMAS, Ekoscan, Iraunkortasuneko Txostenak), enpresa handietan eta ETEetan, instituzio publikoetan eta GKEetan.
Inguru soziala eta ekonomikoa
Pobrezia eta esklusio soziala. Indikadore honek oinarrizko errentaren prestazioa jasotzen duten udalerriko familien ehunekoa aztertzen du.
Langabezia-tasa. Indikadore honek enplegurik gabe dagoen populazio aktiboaren ehunekoa aztertzen du.
Herritarren komunitate lokalarekin duten satisfazioa. Indikadore honek herritarrek nabari duten ongizate-maila aztertzen du. Horretarako, satisfazio-mailak jasotzen ditu (oso gustura, nahiko gustura, ez oso gustura eta batere gustura ez), bai komunitateari buruz oro har, bai hainbat faktore espezifikori buruz: udalerria oro har bizitzeko eta lan egiteko leku gisa, etxebizitzaren kalitatea, haren baliagaitasuna eta eskuragaitasuna, etab.